EN TOL SARMIENTO
"Arrakasta oso subjektiboa da"
“En Tol Sarmiento edo ETS, 2005. urtean Iekora izeneko Arabako herri txiki batean sortu zen musika taldea da. 18 urteko eboluzio eta heltze-prozesu baten ondoren, ETS gaur egun Euskal Herriko jende askoren bihotzetara heldu den musika egitasmoa da. Aste Nagusian zuzeneko indartsua eskainiko dugu Donostian, kementsua, entzulegoaren zati handi bat dantzaraztea, barre egitea eta hunkitzea lortuko duena. Udako kontzertu handienetakoa izango da guretzat eta ziur gaude hartu eman berezi bat suertatuko dela publikoarekin”.
Nola ari zarete uda pasatzen?
2022ko abenduan Guretzat izeneko gure zazpigarren lana aurkeztu genuen Durangoko Azokan eta segituan aretoetako bira batean murgildu ginen. Emanaldia udako kontzertuetara moldatu dugu orain eta hasi besterik ez dugu egin. Atzeko prestakuntza handi baten ondoren, kontzertuekin gozatzen ari garela esan dezakegu, aurrean milaka lagun aurkitzen ari garelako.
Egungo Euskal Herriko talderik arrakastatsuena zaretela esan daiteke. Zein da zuen arrakastaren gakoa?
Asko esatea da! Zenbakiek hori dioten arren, arrakasta neurtzeko beste irizpide batzuk daudela pentsatzen dugu, arrakasta oso subjektiboa da. Gakoa, gure ustez, ETSren melodia itsaskorretan dago, urtez-urtez ereserki bilakatu diren abestien sorkuntzan. Bestalde, bizitza arrunta eta normalitatea irudikatzen dugu gure unibertsoan, letretan, eta hori jendeak baloratzen du
Zeintzuk dira arrakastaren alde ilunak zuen kasuan?
Taldearen izena goraka doan heinean, ardurak, presioak, auto exigentziak eta perfekzionismoak ere gora egiten dute eta horrek egunerokotasuna eta bizitza baldintzatzen du.
Taldea sortu zenean gazteleraz abesten zenuten. Zergatik egin zenuten salto euskarara? Zer lortu duzue euskara hutsean kantatzeari esker?
Gutxiengoan dagoen hizkuntza batean kantatzeak ateak itxi baino, irekitzen dizkizula pentsatzen dugu. Taldekide gehienak Errioxan bizi zirenez gazteleraz kantatzen hasi ginen, hizkuntzaren hautuari buruzko hausnarketa handirik egin gabe. Lehenengo diskoaren birarekin Euskal Herria ezagutzeko aukera izan genuen eta modu natural batean euskal zirkuituan jotzen hasi ginen. Momentu horretan konturatu ginen askoz interesgarriagoa zela taldearen identitatea euskararen bueltan sortzen jarraitzea. Gaur egun, abesti guztiak euskaraz idazteko konpromezu sendoa dago. Haur, nerabe, gazte, heldu zein aitona-amonen hizkuntza sozializazioan gure ekarpena egiten saiatzen gara, nolabait, euskalduna ez den komunitatea ere musikaren bidez euskarara hurbilduz.
Nola ikusten da Euskal Herria eszenatoki baten gainean?
Gizartearen alderik emozionalena ikusten da kontzertuetan. Esperientzia bat bizitzeko prest joaten den jendea eta abesti batek izan dezakeen indarra erakusten duena.
Zein da betetzeke daukazuen ametsa?
Euskal Herritik kanpo gehiago jotzea eta euskal kulturaren erreferente izatea.