Les gens d'intérêt

Jon Insausti Maisterrena

KULTURAKO ETA EUSKARAKO ZINEGOTZIA

Beste urte batzuetan egiten ez dudana egiteko aprobetxatuko dut Aste Nagusia

“30 urtez Parte Zaharrean hazi eta bizi izan den donostiarra naiz. Egun Altzan bizi naiz. Madril eta Newcastle aldean denboraldi bat pasa nuen nire formakuntza osatzen. Hainbat jira-buelta eman ondoren, Donostiako Kultura eta Euskara zinegotzia naiz. Lanera ilusio handiz noala esaten dut beti”.

Alde Zaharrekoa izanda, puri-purian biziko zenuen Aste Nagusia txikitatik. Zer oroitzapenak dituzu?

Alde Zaharrekoa izateak beti eman digu niri eta etxekoei Donostiako egun handiak barru-barrutik ospatzeko aukera. Aste Nagusian oso estimatuak izan ditut beti buruhandi eta erraldoiak. Kariño handiz gogoratzen ditut horiek. Eta egia esan, txalotzea herritarren aldetik lortzen duten erantzuna.

Pandemiak eragindako murrizteak kontuan hartuta, nola biziko duzu aurtengo Aste Nagusia?

Zorionez Donostia bada hiri aktiboa eta bizia, beraz, hamaika eskaintza aurkituko ditugu abuztuan, horien artean: San Telmo Museoko Elkanoren erakusketa, udako antzerkia edo Hamabostaldiak utzitakoa. Penaz bizitzea baino, beste urte batzuetan egiten ez ditudan beste gauza batzuk egiteko aprobetxatuko dut.

Zer mezua helarazi nahi diezu donostiarrei?

Ezinbestekoak izan direla guzti-guztiak urte luze honetan hiriak aurrera egiteko. Uste dut herritarron jarrera oso ona izan dela denbora honetan guztian eta pandemiak aurrean jarri dizkigun zailtasunak ondo gainditu ditugu. Beraz, nire aldetik behintzat, eskerrak emateko aprobetxatuko dut. Komunitate indartsua dugu.

Arten ere, ez da posible izango Donostiako Aste Nagusia. Hala ere, abuztuan, formatu txikiko kultura-jarduerak izango ditugu Donostiako kaleetan. Zer da Abuztua Donostian?

Aurten ez dugu Aste Nagusia izango, ezta su artifizialik ere. Pena handiz, baina aurten oraindik ez da momentua horrelako ospakizunak antolatzeko. Hala ere, Donostiako Udalak ‘’Abuztua Donostian’’ izena duen egitaraua antolatu du kultur jardueraz josita. Alde batetik, donostiarroi uda atseginagoa egiteko helburua du. Bestetik, honen bueltan dabilen sektore handi batel lana egiteko aukerak baliatzea bilatzen du. Horien artean eskaintza interesgarriak izango ditugu, adibidez Iluntz deitzen de ekimena. Artea, argia eta dantza uztartuko dituen proposamena.

Zer ari zara ikasten zure zinegotzi postuari esker?

Etengabeko ikaskuntza da egunetik egunera bizi dudana. Baina oso oinarrizkoak diren hiru ideia sendotzeko aukera eman dit: entzutea zein garrantzitsua den, elkarlanaren garrantzia eta benetakoa ‘’autentikoa’’ izatearen balio.

Partager